miércoles, 21 de abril de 2010

*Niko Etxart*


Niko Etxart, 1953.urtean Altzürükun (Zuberoan) jaiotako Euskal kantari famatua da. 2 urterekin Parisera bizitzera joan bazen ere, inoiz ez zituen bere erroak ahaztu, umetan euskara ikasi baitzuelako, eta gaztetan “Pariseko Euskal Etxeari” esker, geure kulturaren berri izan zuelako. Ondorioz, 21 urterekin, Frantzia utzi eta Zuberoara bueltatu zen bizitzera, era berean ikasketak utzi eta musika munduan sartuz.

Berak argi izan zuen hasieratik rock musika egin nahi zuela, eta euskaraz gainera; baina oso zaila zen, garai hartako Zuberoan musika tradizionala baitzen nagusi; hala nola, “Pantxoa eta Peio” edota “Etxamendi eta Larralde”. Nikok esaten duen bezala: “Garai hartan rockaren bidea zen gaitzena, eta gainera, etsai asko ziren”.

Nolanahi ere, berak ez zuen etsi eta “Odol Berri” taldea osatu zuen bere anaiarekin eta lehengusuarekin, oso famatua egin zena Iparralde osoan. Ondoren, “Ximinorak”, “Zazpi Gara” eta “Minxoriak” taldeak etorriko ziren, baina bere bakarkako lehen lana “Nahasketak” diskoa izan zen, oso garrantzitsua izan ez zena.

Nahiko famatua egiten hari zen Niko garai hartan, baina bere erabateko bultzada 1979. urtean etorri zen, bi abestidun single bat kaleratu zuenean, berak konposatutako “Euskal rock 'n' roll” eta moldatutako “Eperrak” kantekin. Lehenengo kanta honekin, Espainia mailan ezaguna egin zen; eta ondorioz, lortutako arrakasta itzela aprobetxatuz, bigarren diskoa berehala kaleratu zuen.

Hurrengo urteetan, Niko Etxartek eta beste talde batzuek sortutako euskal rock ‘n’ rollaren lekukoa beste talde batzuk hartu zuten, baina hala eta guztiz ere Nikok “Tumatxa” diskoa kaleratu zuen. Gainera 80.hamarkadaren amaieran, gero eta kontzertu gutxiago eskaintzen hasi zen Hego Euskal Herrian eta gehiago Iparraldean; eta horrez gain bere estudioa sortu zuen Zuberoan, beraz, pixka bat galduta egon zen sasoi batean. Nolanahi ere, bakarkako beste disko argitaratu zuen, “Baikor” izenekoa.

Epe luze batean ez zuen ezer argitaratu, eta bere azken lanak, 2004.urtean argitaratu zuen “Eperrak” diskoa eta 2007.urtean egin zen hamabosgarren “Korrika” jaialdiaren kanta izan dira.

Amaitzeko, esan dezakegu Niko Etxart Euskal Herriko abeslari garrantzitsu eta esanguratsuenetariko bat izan dela, euskal rock musikaren bultzatzaile sutsua, baina baita ere abesti tradizionalen eta berbenen aldekoa, bere ibilbide musikala hirukoitza izan baita, aipatutako hiru musika motak ezagutu baititu.
Baina benetan eskertzekoa dena zera da, euskal abesti ederrak utzi dizkigula bidean; musika ingelesa garaile den mundu batean, noizbait euskal musikak ere garrantzia asko izan zuela gogoratu dezagun.