domingo, 9 de mayo de 2010

¨¨Arima Gaztea¨¨

Gaueko iluntasun beltzaren erdian, astiro-astiro eta zarata egin gabe abiatu zen bere etxola zaharretik zuhaitz zaharrerantz. Langileen txabolen atzetik pasatu behar zen, baina zorionez denak lotan zeuden, egia esan, herri osoa zegoen lotan, eta inork ez zekien ezer bere planari buruz.

Lasaitasunak dena inguratzen zuen, eta hondeamakina erraldoien ondotik pasatzean hauekin behingoz akabatzeko nahia izan zuen, baina protesta baketsuen aldekoa zen bera, eta ez zuen bere burua arriskuan jarri nahi.

Zuhaitzaren enbor azpira heldu, eskailera tolesgarriaren gakoa adar altuenean lotu eta igotzen hasi zen, biharamunean jendeak zer pentsatuko zuen galdetuz, eta bere.....maiteak ikusiko balu esango zuena imajinatuz eta barre eginez. Horrelaxe lokartu zen, bere egitekoak mundua hankaz gora jarriko zuela jakin gabe.

Garai hartan Jerry Forest edozein basozain bezalakoa zen: bizitza lasaia zuen, naturaz inguratuta bizi zen, eta asko gustatzen zitzaizkion animalia eta landareak; baina zerbait desberdina zuen, besteengandik desberdintzen zuen zerbait. 70 urte zituela, eta ez zuela bere postua utziko hil arte. Gainera, oso maitea zen Yellowstone parkeko bisitariengandik, eta baita ere herriko guztiengandik.

Baina egia, oso bakarrik bizi zela zen. Berak zioen, animalia, zuhaitz eta loreak zirela bere senitartekoak, eta mendi eta errekak bere zaindariak; baina bere emazte Darlene hil zenetik ez zuen pertsonekin hitz egiten, eta oso gutxitan agertzen zen parkeko leku jendetsuenetan, berak nahiago zituelako toki isil eta lasaiak, berak bakarrik ezagutzen zituenak.

Iraganean pertsona guztiz desberdina izana zen Jerry. New York inguruan jaioa zen, eta txikitatik gustatu zitzaion musika, horregatik gitarra jotzen ikasi zuen. Bere munduan sartuta zegoen beti eta ez zen ezerekin konformatzen. Horregatik, hippy mugimenduak bete-betean eman zion, eta bere gaztaro osoa bereganatu zuen. John Lennonen jarraitzaile sutsua zen eta bere adibidea jarraitzen zuen ahal zuen guztietan, protesta baketsuak eginez, gose grebak eginez eta natura beti maite eta errespetatuz.

Woodstock jaialdian egondakoa zen Jerry, eta bertan ezagutu zuen Darlene, neska gazte eta liberala, zenbait urte geroago berarekin ezkonduko zena; baina zoritxarrez orain dela hiru urte istripu batean joan zena.

Honegatik guztiagatik, Jerry, adineko gizona izan arren, arima gaztea zuen eta pentsaera hippya mantentzen zuen; eta horregatik, herriko egunkarian Yellowstone parkean luxuzko hotel eta golf zelai bat eraiki nahi zutela irakurtzean, besoak gurutzatuta geratu ezin zela pentsatu eta plan bat egiten hasi zen. Hasiera batean, obrak baimenduko ez zituztela uste zuen, baina makina eta langile guztiak bertara sartzen hasi zirenean txarrena gertatuko zen susmoa izan zuen eta bere susmoak egia bihurtu ziren bere etxeko atea jo eta trajedun bi gizonek Yellowstonetik joan behar zela esan ziotenean, bi eguneko epean.


Egun horretan bertan, telefonoa hartu eta lagun zahar askori dei egin zien, laguntza eske, baina denbora epe hain laburra izanda oso zaila izango zen jende asko biltzea, denak mundutik sakabanatuta zeudelako.

Honi guztiari bueltak ematen ari zen Jerry bere zuhaitz maitean lokartu zenean.

Biharamunean, eguzkia irten zenean langileek ezin izan zuten sinetsi ikusi zutena parkeko zuhaitzik handienean. Hasiera batean, ez zuten ezer arrarorik antzeman, baina norbaitek esan zuen zerbait edo norbait zegoela han goian, adarrak banatzen ziren tokian zuhaitzek izaten duten toki hartan, eta bozgorailu batekin oihu egiten hasi ziren.

Zein izan zen beraien ustekabea, bat-batean gizon zahar bat altxatzen ikusi zutenean, baina arraroena ez zen hori, baizik eta tindatutako kamiseta zahar bat, praka bakero apurtuak zeramatzala jantzita, eta buruan, zinta koloretsu bat lotuta. Baina dena ez zen hor amaitzen; zuhaitzetik zintzilik pankarta handi bat zegoen, “Ingurunea Maite Dudalako” zioena, eta ikurrez betea zegoena.

Tipo xelebre horietako bat zela soilik pentsatu zuten langileek, eta mesedez bertatik jaisteko eskatu zioten, zuhaitzak mozten hasi behar zirelako. Gizonak, ordea ezetz eta ezetz zioen, bera ez zutela 30 urtez bere etxea izan zen lekutik botako eta gainera erreserba natural bat ezin zutela era horretan hondatu eta akabatu. Jarraian, bakean uzteko eskatu zien, lasai egon nahi zuelako, eta “Ikusiko dituzue, bai, ikusi beharrekoak” esanez, berriz lokartu zen.

Aho bete hortz geratu ziren bertan zeuden langile guztiak, erreakzionatzeko astirik gabe, eta minutu batzuetan halaxe egon ziren, isilik, zer egin jakin gabe. Orduan, batek irtenbide onena nagusiari deitzea izango zela esan zuen, eta txabola baten barruan sartu zen.

Ordu batzuetan, itzelezko zalaparta sortu zen, herriko jendea eta munduko hainbat lekutatik etorritako turistak Yellowstone parkera sartu nahi izan zutelako, baina langileek ez zietelako uzten; eta denek zerbait jakin zutelako Jerryren ekintzari buruz.
Horregatik, gero eta jende gehiago hasi zen biltzen zuhaitz handiaren inguruan. Asko, zer gertatzen zen ikusteko, beste batzuk, Jerryrekin guztiz ados zeudelako eta berarekin elkartu nahi zirelako, eta gutxi batzuk, denbora pasatzearren.

Bat-batean, limusina handi bat heldu zen jendartera, eta trajedun bi gizon atera ziren bertatik, haserre aurpegiekin. Ordurako Jerry han zebilen, zuhaitzaren goialdean, bertatik ikusi ahal zuen paisai liluragarriaz gozatzen, eta behealdean gertatzen ari zenari ez zion garrantzia pixka bat ere ematen. Baina, bi gizonak bozgorailua hartu eta irain artean bertatik bajatzeko esan zioten, bestela zuhaitza botako zutela ez zitzaizkielako batere inporta agure zahar eta txoro baten komeriak.


Azken esaldi horrek guztiz haserrarazi zuen Jerry, eta goitik, eta bozgorailu baten behar gabe, zarata batean erantzuten hasi zitzaien; parke hartako jaun eta jabeak balira bezala hitz egiten eta jokatzeko batere baimenik ez zutela esanez, eta natura denok errespetatu behar dugun gauza bat dela baieztatuz, eta bere gazte denboran esaten zituen antzerako gauzak esanez; era berean, bertan zeuden ikusleak konbentzitu nahian.

Une hartako nahastea aprobetxatuz, pertsona batzuk zuhaitzetara hurbildu eta hauek igotzeari ekin zioten, Jerryren pankartaren antzerako esaldiak esaten zituzten tela zati handiak esekiz eta langileei lokatz zatiak jaurtiaraziz.

Hasieran Jerryk ezusteko handia hartu zuen, baina berehala konturatu zen zuhaitzetan igota zeuden gizon eta emakumeak bere antzinako lagunak zirela, bere deialdia erantzuteko asmoz toki askotatik etorriak.

Bi gizonek hainbeste jende ikustean pixka bat beldurtu ziren, baina ez zuten dirurik galdu nahi, eta hotelaren eta golf zelaiaren eraikuntza osoa ordainduta zegoen jada, beraz, zerbait pentsatu behar zuten, eta azkar.

Bat-batean, motorrez inguratutako beste auto e
der bat bertaratu zen, eta gizon gazte eta dotore bat irten zen handik. Hasieran, inork ez zuen ezagutu, baina Hollywoodeko aktore oso famatu bat zela konturatu ziren. Hau, zuhaitz batera hurbildu eta bertan lotu zen, soka handi batekin, istorio osoa telebistan ikusi zuela eta zerbait egin behar zuela pentsatuz bertara hurbildu zela denei kontatuz.
Honekin batera, jende gehiago animatu zen eta langileak inguratzen hasi ziren, bertatik joateko esanez, eta batek baino gehiagok ihes egin zuen, beldurraren beldurrez.
Orduantxe bertan, alkatea agertu zen, zer gertatzen zen galdetuz, eta ea bere oporrak amaitu eta Yellowstonerarte hurbiltzeko bezain garrantzitsua zen galdetuz.

Dena kontatu zioten, eta berak, haserre, eremu horiek saltzeko ez zuela paper bat ere sinatu esan zuen, eta gainera ez zuela hori egiteko batere asmorik ere.

Beraz, bi gizonak ihes egiteko aukerarik gabe gelditu ziren, jende multzo guztiaren erdi-erdian, eta zenbait minutu arinago airean astintzen zituzten baimen-paper faltsuak ezkutatu nahian. Zoritxarrez beraientzat, beranduegi zen. Polizia ez zen asko berandutu, eta kartzelan denboralditxo bat igarotzeko gonbidapena egin zien biei.
Giroa lasaitu zenean, Jerry txalokatua izan zen, eta heroitzat hartu zuten askok eta askok. Berak ordea, bere gitarra zaharra hartu eta abesti bat abesten hasi zen, lasai asko, bere lagun guztiek atzetik laguntzen zuten bitartean.

Horrela amaitu zen dena, eta Jerryk bakarrik jarraitu zuen, betiko lez, mendi eta ibaiak zeharkatzen bere lagun zen naturarekin batera, eta bere gitarrarekin abesti zaharrak jotzen edozein lekutan. Baina benetan ez zegoen bakarrik, lagun eta jarraitzaile asko lortu baitzituen bere ekintza eta jakituriaz beteriko berbengatik.
Baina, zergatik? Ingurunea maitatzen jakin zuelako.