domingo, 9 de mayo de 2010

¨¨Arima Gaztea¨¨

Gaueko iluntasun beltzaren erdian, astiro-astiro eta zarata egin gabe abiatu zen bere etxola zaharretik zuhaitz zaharrerantz. Langileen txabolen atzetik pasatu behar zen, baina zorionez denak lotan zeuden, egia esan, herri osoa zegoen lotan, eta inork ez zekien ezer bere planari buruz.

Lasaitasunak dena inguratzen zuen, eta hondeamakina erraldoien ondotik pasatzean hauekin behingoz akabatzeko nahia izan zuen, baina protesta baketsuen aldekoa zen bera, eta ez zuen bere burua arriskuan jarri nahi.

Zuhaitzaren enbor azpira heldu, eskailera tolesgarriaren gakoa adar altuenean lotu eta igotzen hasi zen, biharamunean jendeak zer pentsatuko zuen galdetuz, eta bere.....maiteak ikusiko balu esango zuena imajinatuz eta barre eginez. Horrelaxe lokartu zen, bere egitekoak mundua hankaz gora jarriko zuela jakin gabe.

Garai hartan Jerry Forest edozein basozain bezalakoa zen: bizitza lasaia zuen, naturaz inguratuta bizi zen, eta asko gustatzen zitzaizkion animalia eta landareak; baina zerbait desberdina zuen, besteengandik desberdintzen zuen zerbait. 70 urte zituela, eta ez zuela bere postua utziko hil arte. Gainera, oso maitea zen Yellowstone parkeko bisitariengandik, eta baita ere herriko guztiengandik.

Baina egia, oso bakarrik bizi zela zen. Berak zioen, animalia, zuhaitz eta loreak zirela bere senitartekoak, eta mendi eta errekak bere zaindariak; baina bere emazte Darlene hil zenetik ez zuen pertsonekin hitz egiten, eta oso gutxitan agertzen zen parkeko leku jendetsuenetan, berak nahiago zituelako toki isil eta lasaiak, berak bakarrik ezagutzen zituenak.

Iraganean pertsona guztiz desberdina izana zen Jerry. New York inguruan jaioa zen, eta txikitatik gustatu zitzaion musika, horregatik gitarra jotzen ikasi zuen. Bere munduan sartuta zegoen beti eta ez zen ezerekin konformatzen. Horregatik, hippy mugimenduak bete-betean eman zion, eta bere gaztaro osoa bereganatu zuen. John Lennonen jarraitzaile sutsua zen eta bere adibidea jarraitzen zuen ahal zuen guztietan, protesta baketsuak eginez, gose grebak eginez eta natura beti maite eta errespetatuz.

Woodstock jaialdian egondakoa zen Jerry, eta bertan ezagutu zuen Darlene, neska gazte eta liberala, zenbait urte geroago berarekin ezkonduko zena; baina zoritxarrez orain dela hiru urte istripu batean joan zena.

Honegatik guztiagatik, Jerry, adineko gizona izan arren, arima gaztea zuen eta pentsaera hippya mantentzen zuen; eta horregatik, herriko egunkarian Yellowstone parkean luxuzko hotel eta golf zelai bat eraiki nahi zutela irakurtzean, besoak gurutzatuta geratu ezin zela pentsatu eta plan bat egiten hasi zen. Hasiera batean, obrak baimenduko ez zituztela uste zuen, baina makina eta langile guztiak bertara sartzen hasi zirenean txarrena gertatuko zen susmoa izan zuen eta bere susmoak egia bihurtu ziren bere etxeko atea jo eta trajedun bi gizonek Yellowstonetik joan behar zela esan ziotenean, bi eguneko epean.


Egun horretan bertan, telefonoa hartu eta lagun zahar askori dei egin zien, laguntza eske, baina denbora epe hain laburra izanda oso zaila izango zen jende asko biltzea, denak mundutik sakabanatuta zeudelako.

Honi guztiari bueltak ematen ari zen Jerry bere zuhaitz maitean lokartu zenean.

Biharamunean, eguzkia irten zenean langileek ezin izan zuten sinetsi ikusi zutena parkeko zuhaitzik handienean. Hasiera batean, ez zuten ezer arrarorik antzeman, baina norbaitek esan zuen zerbait edo norbait zegoela han goian, adarrak banatzen ziren tokian zuhaitzek izaten duten toki hartan, eta bozgorailu batekin oihu egiten hasi ziren.

Zein izan zen beraien ustekabea, bat-batean gizon zahar bat altxatzen ikusi zutenean, baina arraroena ez zen hori, baizik eta tindatutako kamiseta zahar bat, praka bakero apurtuak zeramatzala jantzita, eta buruan, zinta koloretsu bat lotuta. Baina dena ez zen hor amaitzen; zuhaitzetik zintzilik pankarta handi bat zegoen, “Ingurunea Maite Dudalako” zioena, eta ikurrez betea zegoena.

Tipo xelebre horietako bat zela soilik pentsatu zuten langileek, eta mesedez bertatik jaisteko eskatu zioten, zuhaitzak mozten hasi behar zirelako. Gizonak, ordea ezetz eta ezetz zioen, bera ez zutela 30 urtez bere etxea izan zen lekutik botako eta gainera erreserba natural bat ezin zutela era horretan hondatu eta akabatu. Jarraian, bakean uzteko eskatu zien, lasai egon nahi zuelako, eta “Ikusiko dituzue, bai, ikusi beharrekoak” esanez, berriz lokartu zen.

Aho bete hortz geratu ziren bertan zeuden langile guztiak, erreakzionatzeko astirik gabe, eta minutu batzuetan halaxe egon ziren, isilik, zer egin jakin gabe. Orduan, batek irtenbide onena nagusiari deitzea izango zela esan zuen, eta txabola baten barruan sartu zen.

Ordu batzuetan, itzelezko zalaparta sortu zen, herriko jendea eta munduko hainbat lekutatik etorritako turistak Yellowstone parkera sartu nahi izan zutelako, baina langileek ez zietelako uzten; eta denek zerbait jakin zutelako Jerryren ekintzari buruz.
Horregatik, gero eta jende gehiago hasi zen biltzen zuhaitz handiaren inguruan. Asko, zer gertatzen zen ikusteko, beste batzuk, Jerryrekin guztiz ados zeudelako eta berarekin elkartu nahi zirelako, eta gutxi batzuk, denbora pasatzearren.

Bat-batean, limusina handi bat heldu zen jendartera, eta trajedun bi gizon atera ziren bertatik, haserre aurpegiekin. Ordurako Jerry han zebilen, zuhaitzaren goialdean, bertatik ikusi ahal zuen paisai liluragarriaz gozatzen, eta behealdean gertatzen ari zenari ez zion garrantzia pixka bat ere ematen. Baina, bi gizonak bozgorailua hartu eta irain artean bertatik bajatzeko esan zioten, bestela zuhaitza botako zutela ez zitzaizkielako batere inporta agure zahar eta txoro baten komeriak.


Azken esaldi horrek guztiz haserrarazi zuen Jerry, eta goitik, eta bozgorailu baten behar gabe, zarata batean erantzuten hasi zitzaien; parke hartako jaun eta jabeak balira bezala hitz egiten eta jokatzeko batere baimenik ez zutela esanez, eta natura denok errespetatu behar dugun gauza bat dela baieztatuz, eta bere gazte denboran esaten zituen antzerako gauzak esanez; era berean, bertan zeuden ikusleak konbentzitu nahian.

Une hartako nahastea aprobetxatuz, pertsona batzuk zuhaitzetara hurbildu eta hauek igotzeari ekin zioten, Jerryren pankartaren antzerako esaldiak esaten zituzten tela zati handiak esekiz eta langileei lokatz zatiak jaurtiaraziz.

Hasieran Jerryk ezusteko handia hartu zuen, baina berehala konturatu zen zuhaitzetan igota zeuden gizon eta emakumeak bere antzinako lagunak zirela, bere deialdia erantzuteko asmoz toki askotatik etorriak.

Bi gizonek hainbeste jende ikustean pixka bat beldurtu ziren, baina ez zuten dirurik galdu nahi, eta hotelaren eta golf zelaiaren eraikuntza osoa ordainduta zegoen jada, beraz, zerbait pentsatu behar zuten, eta azkar.

Bat-batean, motorrez inguratutako beste auto e
der bat bertaratu zen, eta gizon gazte eta dotore bat irten zen handik. Hasieran, inork ez zuen ezagutu, baina Hollywoodeko aktore oso famatu bat zela konturatu ziren. Hau, zuhaitz batera hurbildu eta bertan lotu zen, soka handi batekin, istorio osoa telebistan ikusi zuela eta zerbait egin behar zuela pentsatuz bertara hurbildu zela denei kontatuz.
Honekin batera, jende gehiago animatu zen eta langileak inguratzen hasi ziren, bertatik joateko esanez, eta batek baino gehiagok ihes egin zuen, beldurraren beldurrez.
Orduantxe bertan, alkatea agertu zen, zer gertatzen zen galdetuz, eta ea bere oporrak amaitu eta Yellowstonerarte hurbiltzeko bezain garrantzitsua zen galdetuz.

Dena kontatu zioten, eta berak, haserre, eremu horiek saltzeko ez zuela paper bat ere sinatu esan zuen, eta gainera ez zuela hori egiteko batere asmorik ere.

Beraz, bi gizonak ihes egiteko aukerarik gabe gelditu ziren, jende multzo guztiaren erdi-erdian, eta zenbait minutu arinago airean astintzen zituzten baimen-paper faltsuak ezkutatu nahian. Zoritxarrez beraientzat, beranduegi zen. Polizia ez zen asko berandutu, eta kartzelan denboralditxo bat igarotzeko gonbidapena egin zien biei.
Giroa lasaitu zenean, Jerry txalokatua izan zen, eta heroitzat hartu zuten askok eta askok. Berak ordea, bere gitarra zaharra hartu eta abesti bat abesten hasi zen, lasai asko, bere lagun guztiek atzetik laguntzen zuten bitartean.

Horrela amaitu zen dena, eta Jerryk bakarrik jarraitu zuen, betiko lez, mendi eta ibaiak zeharkatzen bere lagun zen naturarekin batera, eta bere gitarrarekin abesti zaharrak jotzen edozein lekutan. Baina benetan ez zegoen bakarrik, lagun eta jarraitzaile asko lortu baitzituen bere ekintza eta jakituriaz beteriko berbengatik.
Baina, zergatik? Ingurunea maitatzen jakin zuelako.

miércoles, 21 de abril de 2010

*Niko Etxart*


Niko Etxart, 1953.urtean Altzürükun (Zuberoan) jaiotako Euskal kantari famatua da. 2 urterekin Parisera bizitzera joan bazen ere, inoiz ez zituen bere erroak ahaztu, umetan euskara ikasi baitzuelako, eta gaztetan “Pariseko Euskal Etxeari” esker, geure kulturaren berri izan zuelako. Ondorioz, 21 urterekin, Frantzia utzi eta Zuberoara bueltatu zen bizitzera, era berean ikasketak utzi eta musika munduan sartuz.

Berak argi izan zuen hasieratik rock musika egin nahi zuela, eta euskaraz gainera; baina oso zaila zen, garai hartako Zuberoan musika tradizionala baitzen nagusi; hala nola, “Pantxoa eta Peio” edota “Etxamendi eta Larralde”. Nikok esaten duen bezala: “Garai hartan rockaren bidea zen gaitzena, eta gainera, etsai asko ziren”.

Nolanahi ere, berak ez zuen etsi eta “Odol Berri” taldea osatu zuen bere anaiarekin eta lehengusuarekin, oso famatua egin zena Iparralde osoan. Ondoren, “Ximinorak”, “Zazpi Gara” eta “Minxoriak” taldeak etorriko ziren, baina bere bakarkako lehen lana “Nahasketak” diskoa izan zen, oso garrantzitsua izan ez zena.

Nahiko famatua egiten hari zen Niko garai hartan, baina bere erabateko bultzada 1979. urtean etorri zen, bi abestidun single bat kaleratu zuenean, berak konposatutako “Euskal rock 'n' roll” eta moldatutako “Eperrak” kantekin. Lehenengo kanta honekin, Espainia mailan ezaguna egin zen; eta ondorioz, lortutako arrakasta itzela aprobetxatuz, bigarren diskoa berehala kaleratu zuen.

Hurrengo urteetan, Niko Etxartek eta beste talde batzuek sortutako euskal rock ‘n’ rollaren lekukoa beste talde batzuk hartu zuten, baina hala eta guztiz ere Nikok “Tumatxa” diskoa kaleratu zuen. Gainera 80.hamarkadaren amaieran, gero eta kontzertu gutxiago eskaintzen hasi zen Hego Euskal Herrian eta gehiago Iparraldean; eta horrez gain bere estudioa sortu zuen Zuberoan, beraz, pixka bat galduta egon zen sasoi batean. Nolanahi ere, bakarkako beste disko argitaratu zuen, “Baikor” izenekoa.

Epe luze batean ez zuen ezer argitaratu, eta bere azken lanak, 2004.urtean argitaratu zuen “Eperrak” diskoa eta 2007.urtean egin zen hamabosgarren “Korrika” jaialdiaren kanta izan dira.

Amaitzeko, esan dezakegu Niko Etxart Euskal Herriko abeslari garrantzitsu eta esanguratsuenetariko bat izan dela, euskal rock musikaren bultzatzaile sutsua, baina baita ere abesti tradizionalen eta berbenen aldekoa, bere ibilbide musikala hirukoitza izan baita, aipatutako hiru musika motak ezagutu baititu.
Baina benetan eskertzekoa dena zera da, euskal abesti ederrak utzi dizkigula bidean; musika ingelesa garaile den mundu batean, noizbait euskal musikak ere garrantzia asko izan zuela gogoratu dezagun.

martes, 16 de marzo de 2010

Kexa Gutuna

Zuzendari agurgarri hori:

Leire Jauregibeitia Ansotegi naiz, Berria egunkariko ohiko irakurlea, eta betidanik erosi izan dudanez, asko minberatu ninduen atzoko alean argitaratu zenituzten deklarazio batzuk.

Zehatz-mehatz, Eitbko zuzendariari, Alberto Suriori, egin zenioten elkarrizketaz ari naiz hitz egiten. Bertan, orain erantsiko ditudan galderaren antzekoak zeuden.

Berria- Zer uste duzu Eitbko programazioari buruz?
A.S.- Oso konpletua dela uste dut; ume, gazte edota helduentzako askotariko esparruak eskaintzen ditugu, tartean saio moderno eta oso berritzaileak gehituz. Beraz, edozer hobetu badaiteke ere, Eitb ia perfektua dela esaten dizut.
Horrelako hainbat galdera agertzen dira elkarrizketan, aipatu ere egingo ez ditudanak, honekin oso argi geratzen baita nik azaldu nahi dudana.
Ez nago batere ados Alberto Suriorekin hainbat puntutan:

Umeen programazioa, adibidez. Orain dela zazpi edo zortzi urte ikusten genituen marrazki bizidun berdin-berdinak jartzen dituzte, eta batzuk, adibidez “ Doraemon” edo “Sin Chan” oso arrakastatsuak izan ziren garai batean, eta ez dut esaten ez direla entretenigarriak izango, baizik eta zerbait berria behar dugula geure umeentzako, azkenean kapitulu guztiak buruz dakizkigulako, bai umeek, bai gurasoek, eta hori ez da batere dibertigarria izaten txikienentzat. Azkenean, geratzen zaigun aukera bakarra gaztelaniaz dagoen beste edozein katetara aldatzea da, eta horri gehitzen badiogu euskara gero eta gutxiago erabiltzen dugula, umeek ez dute hizkuntza hau ondo hitz egiten jakingo.

Beste alde batetik, gazteen programazioaz hitz egiten du Suriok. Honek ere goitik beherako aldaketa bat beharko luke; adibidez, telesail berriren bat, edota beste mota bateko lehiaketaren bat, non parte-hartzaile eta ikusleak gazteak diren. Nire iritzia ez da aditu batena, ezta nahi ere, baina uste dut horrek erakargarriago egingo lukeela lehiaketa.

Azkenik, helduentzako programazioari buruz hitz egingo dut. Uste dudana zera da, goiz guztietan etxean geratzen diren pertsona nagusientzako programaren bat egitea, bai sukaldaritzaren ingurukoa edota tertulia saio horietako baten antzekoa; izan ere, formula horrek beste kate batzuei ikusle asko eman dizkie, eta oso ondo funtzionatuko luke Eitbn.

Amaitzeko, zera gehitu nahiko nuke. Alberto Suriorekin alderdi horretan ados ez banago ere, Eitb ez zait hain kate txarra iruditzen. Soilik, zenbait aldaketa behar dituela diot, eta horrek ikuslego gehiago erakartzea lortuko zuela.
Berriz ere eskerrik asko neure gutuna argitaratu izanagatik, eta espero dut zerbaitetarako balio izatea.

sábado, 9 de enero de 2010

Ipuina

Erle batek ziztatu izan balio; jaiki ote zitekeen hain azkar? Zer bururatu ote zitzaion, ba, hari bat-batean? Gaueko ordu txikiak baziren ere, ni ez nengoen lokartuta, biharamuneko planak behin eta berriz errepasatu behar nituelako, eta horregatik ikusi nuen Garinen irribarrea, distiratsu geure gelako iluntasunean, baina betiko lez, erdi apurtua. Alde batera eta bestera begiratu zuen, eta oin puntetan joan zen bere armairuraino, ez baitzuen inor ere ez iratzarri nahi, baina ez ninduen sumatu, literaren goiko aldean bainengoen, soinu erdirik ere ez atera nahian. Arropa artean begiratu, eta koaderno zahar eta zimurtu bat hartu zuen eskuetan, berriro ere ohera itzultzeko.
Kandela txiki baten argitan hasi zen idazten, ohiko lez, baina egun hartan modu berezi batean idazten zuela nabaritu nuen, astiroago, lasaiago; hitz bakoitza aurretiaz pentsatuz. Ez nion aparteko garrantzirik eman orduantxe, baina orain konturatzen naiz koaderno hura izan dela bere istorioa argitara azaltzeko izan dudan modu bakarra.

1936.urteko martxoaren 15a zen, eta Garin Schmidt bere aitaren aroztegirantz zihoan, Bremen hiriko toki politenetariko batean kokatuta zegoena. Inoiz baino alaiago zihoan txistu eginez, egun zoragarria iruditzen zitzaiolako hura, bere lehen alabaren jaioteguna izan baitzen, hain zuzen ere. Hurbiltzen hari zen einean, bere bizitzan zehar egindako ibilbidea errepasatzen hari zen, nola ezagutu zuen bere lehen neskalaguna (betirakoa izango zena), nola esan zion bere aitari aroztegia utzi eta hegazkinak pilotatu nahi zuela, eta baita ere, bere emazteak haurdun zegoela iragarri zionean. Une horiek guztiak, hain azkar gogoratuz, noizbait izan zuten garrantziaren zati bat galtzen zuten, baina oraindik han zeuden ondo gordeta, eta horrek esanahi handia zuen Garinen kasuan, bere esaldi maiteenetako bat hurrengo hau zelako: “ Bizitzako unerik onenak, bihotzean gorde itzazu; eta beste guztiak, Rin ibaitik joan daitezela”.
Aroztegira heltzean, aita burumakur ikusi zuen, aulki txiki batean eserita, eskutitz bat irakurtzen ari zen bitartean. Semearen ahotsa entzutean, tristeziaz beteriko begirada bat bota eta eskutitza luzatu zion, irakur zedin. Harrituta geratu zen, armada alemaniarrarena zela konturatzen, eta burura etorri zitzaion lehen gauza helbidez erratu zirela izan zen; baina jarraian zetorrenak erabat txundituta usteaz gain, bere hankak erabat indargabetuta utzi eta lurrera jausi zen, erabat etsita.
Armada alemaniarrak bere premiazko agerrera eskatzen zuen Berlinen, nazien “Kondor Legioan” gizon prestatuak behar zituztelako, eta bera, pilotu onenetarikoa zela entzuna zutenez, hiru egun barru nahita ala nahitaez agertu behar zela. Gutunaren amaieran, post-data txiki bat zegoen, ozta-ozta irakur zitekeen letra batez inrimatua; zera zioena: “ Gogora ezazu uko egitea ez dela aukera bat, baina horrela izatekotan, lege bat hausten egongo zinatekeela, horrek dakartzan ondorio guztiekin”.
Bat-batean, eguzkia joan eta trumoi ikaragarria agertu zen hodeiertzean, pare bat minutu lehenago zuen zoriona jadanik desagertuta zegoen, eta bere bizitza perfektuaren arrastoak nekez nabari ahal zituen, lainoen artetik betirako urruntzen.

Hurrengo goizean, bere jaioterriko kaleetatik igaro ahala, jada ez zitzaizkion ezagunak egiten. Hazten eta gizon egiten ikusi zuten lekuek zentzua guztiz galdu zuten, eta aurrera begiratzean, zalantzaz beteriko etorkizuna agertzen zitzaion, ez zekielako zer demontretarako nahi zuen armadak, edota zein izango zen bere eginkizuna bertan.
Gauzak oso argi geratu ziren Berlinera sartu zen lehen momentutik. Espainiako Gerra Zibila zela eta, Francok laguntza eskatu zien alemanei, eta ondorioz, armadaren flota handitu behar izan zuten agintariek. Beraien zeregina zera zen, hegazkin berriak probatzeaz gain, Espainiako iparraldeko lekuren baten bonbak jaurtitzea, oposizioarekin amaitzeko.
Hura entzutean, dilema bat etorri zitzaion burura; alde batetik, Garinek ez zuen inor ere ez hil nahi; emakume, gizon eta ume errugabeen bizitzarekin amaitzea, hegazkin batzuen funtzionamendu egokia konprobatzeko basakeria hutsa zela iruditzen zitzaiolako, baina bestalde, ez zuen bere familia arriskuan jarri nahi, bere alaba jaioberriak bizitza osoa baitzuelako aurretik.
Entrenamenduen hasierarekin batera, pilotuen arteko harremanak ere hasi ziren, eta lagun asko egin genituen. Denok geneukan laguntasun falta, etxetik oso urrun baikeundelako, geure nahiaren aurka derrigortuta; baina bera, beti zegoen bakarrik, zuhaitz baten itzalpean idazten, bere inguruan gertatzen zena, berarekin joango ez balitz bezala eginez. Tipo arraroa iruditzen zitzaidan; baina interesgarria oso, eta horrexegatik, goiz batez berarengana hurbiltzeko ausardia nahikoa bildu nuen. Garin Schmidt zuen izena, eta une hartan ez nukeen imajinatu ere egingo geroago neure lagunik onena izango zenik, ezta gaur egun bere istorioa kontatzen harituko nintzenik.

Hilabete eskas bat eman genuen Berlineko hegazkin-basean, eta entrenamendu eta klase taktikoen artean, bere bizitzan gertatutako istorioak kontatzen zizkidan Garinek. Gizon gaztea izan arren, gauza asko bizi izan dituen pertsona baten bezala hitz egiten zuen; eta nik orduak ematen nituen bere aurrean; isilik eta adi-adi. Horrela, kontu-kontari eta barre algaren artean, egun garrantzitsua erdi-ahaztea lortu genuen. Zoritxarrez, ezin genuen denbora geldiarazi, eta gu konturatu orduko, bezperan geunden.
Orduantxe ikusi nuen irribarrez gau erdian, ideia ezin hobea izan eta dena bere koadernoan idatzi nahiko balu bezala; urte asko pasatzean berriro irakurri eta garai hartako oroitzapenak gogoan
izan nahiko balitu bezala.

Apirilaren 26a heldu zen azkenik, eta tentsio orokorra nabaritu zitekeen taldean. Geure nagusiek azkenengo aginduak ematen zizkiguten bitartean, gehienak errezatzen hasi ziren isilean, eta neure aurrez-aurre zegoen gizon lodikote bati malko txiki bat irristatu zitzaion. Garin ordea, inoiz baino lasaiago hurbildu zitzaidan, eta besarkada bero bat eman zidan “ Ongi izan” esanez. Ondoren, pilotuentzako kapela urdina jantzi eta zerura begira hitz batzuk xuxurlatzen zituen bitartean, bere hegazkinerantz abiatu zen, bere buruarengan uste osoa zuela erakutsiz. Buruaren keinu txiki batez agurtu ninduen azkenengo aldiz. Motorrak piztu eta zerurantz abiatu ginen, mamu hegalarien antzera; edonon izua zabaltzen baikenuen.
Ehunka puntutxo ikusten genituen korrika gu igarotzean, eta Gernika izeneko herrira heltzean, bonbak ur tanten moduan jausten hasi ziren zeru ilunetik. Bat-batean, hegazkin bat jausi egin zen, lurraren kontra lehertuz. Garin izan zitekeen beldurrez, bera topatzen saiatu nintzen, baina hainbeste hegazkinen artean, ezinezkoa egin zitzaidan.
Orain badakit zer egin zuen; edo behintzat zein zen bere plana: pilotu guztiok hiruzpalau bonba genituen bitartean, Garinek bakar bat sartu zuen bere hegazkinean, eta landa huts edo eremu bakartiren batean jaurtitzea pentsatuta zuen, inor ez zauritzeko asmoz.

Gero konprobatu izan dugunaren arabera, horrelaxe egin zuen, eta herritik irten egin zen hegazkina biratzeko asmoz eta pixka bat aldentzeko. Lasai-lasai zihoala, bere emazte eta alabarengan pentsatzen, ezusteko bat izan zuen; bere patua guztiz aldatu zuena.
Bere hegazkinak, akatsen bat izan zuen, eta ondorioz haren kontrola galdu zuen Garinek guztiz; erremedio gabe lurrerantz amilduz.
Azken ahaleginean, hegazkina pixka bat zutitzen saiatu zen, eta hala bazirudien ere, pare bat segundoren ostean, erorketa geldiezina izan zen, eta Garin, hainbeste maite zuen hegazkinarekin batera hondoratu zen, kapitain onenek egiten duten antzera.
Hura izan zen bere azken hegaldia, bere amets guztiekin akabatu zuen hegaldia; bere etorkizunerako desio eta egitasmo guztiekin amaitu zuena, Larrabetzu izeneko herri bateko bazter baten bere hegazkin birrinduak amaitu zuen era berean. Ez zuten bere gorputzaren arrastorik aurkitu, baina nik bere koadernoa topatu eta neurekin eraman nuen, bere memoriak bertan idatzita baitzeudelako; eta horrelako gauzak ezin direlako ahaztu ere egin.

Horrela amaitu zen bere istorioa, gaur nik kontatzen dizuedana, ia-ia neuk bizi izan izan banu bezala sentitzen baitudalako; baina batez ere, Garin bezalako heroi ezezagunak existitzen direlako, urteak pasa ahala ahaztuak izaten direnak normalean, baina betirako geratzen direnak beraien ingurukoen bihotzetan, eta gauza asko merezi izan arren ez dituztelako inoiz ere ez jasoko. Zoritxarrez.

Argudio Testua


Ama, badakizu datorren Abenduaren 31n, jai erraldoi bat antolatuko dutela Urritxe institutukoek Ikasbidairako dirua biltzeko asmoz, Ixerbekoako polikiroldegian eta goizaldeko 3ak aldera bukatuko dela, urte berria denok batera ospatzeko, noski. Klasean hitz egiten egon gara, eta denok joango gara; baita beste eskoletako ezagun asko ere, 14 urtetik 18 urtera izango baitelako.

Badakit, amamaren etxera joaten garela egun hau ospatzen, baina badakizu azkenean beti lokartu egiten dela, eta izekorekin hitz egin ostean, 12:30ak aldera ni ekartzeko prest dagoela esan dit, horrela denbora edukiko dut zuekin afaldu eta gauaren zati bat ederki pasatzeko. Baina era berean lagunekin ere ondo pasatzeko Zornotzan. Pentsa ezazu, arrazoi on bategatik dela, hau da, institutukoei laguntzeko, eta horrela datorren urtean beraiek ere gu lagunduko gaituztela, eta denok primeran pasatuko dugula, leku zaindu batean, arinago esan ez badizut ere, monitore batzuk egongo direlako giroa pixka bat kontrolatzen. Gainera, amamarenean geratuko banintz zer egingo nuke? Telebista ikusten geratuko nintzateke, edo noraezean ibiliko nintzateke edozerekin arreta apur bat galtzen saiatzen, baina ez nuke jai horretara joango banintz disfrutatuko nukeen beste disfrutatuko, soberan badakizu.

Tira ama, utzidazu joaten, badakizu pertson arduratsua naizela, eta ez dizudala inoiz ere ez huts egin, gainera zu ere antzerako jaietara joaten zinen gaztetan, behin baino gehiagotan entzun baitizut horretaz hitz egiten. Ez duzu arrazoirik ni joaten ez usteko.

Orduan, zer, joaten utziko didazu ala zer?